XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Asmatu bezala abiatu zen; bainan mando gainetik eroriko bat eginik, belauna hautsi zuen eta nahitez Herrirat itzuli.

Etzanik zagolarik oraino, Doña Juana urte hoitan Espainiako erresuman buru zagonak mezulari bat igorri zion: lehen bai lehen Valladolid-erat etortzeko, Santiago Konpostelakoan apezpiku izendatua zela.

Osagarri eskasaren aitzakian, ezetz ihardetsi zuen Azpilkuetak.

(Sinetsi ote du hiltzerat zoala, orduan dion bezala?).

Hainbertzenarekin, ikasten du berri bat harrigarria: Fede zaintzalek Valladolid-en giltzatu dutela Toleda-ko artxapezpiku kardinalea, Karranza Naparroa-ko semea.

Zeren gatik ote? haren katiximaren gatik omen: egiazko sinestearen kontrako erakaspenak bazauzkala.

Karranza-k berak galdegin zion Azpilkuetari haren abokata izan zadin; bainan hunek, azpiko maltzurkeria zerbeit bazitakelako beldurrez, baimena eskatu zion Felipe erregeari.

Beharko du beraz mementoko, hain nahiko zuen bakeari uko egin.

Zazpi egin-ahalak eginen ditu herritarraren alde, bere kaltetan ziren urratsetan sartzerainokoan.

Joanen da, egun batez Erregearen beraren mintzatzerat, behar guziak egin ditzan, Aita Sainduaren eskuetan ezarria izan zadin auziaren trenkatzea; mila bortz ehun eta hirurogoi-ta batez geroztik hori galdetzen zuen-eta Aita Sainduak berak.

Trente-ko Elizaren Biltzar Nausia ere goraki agertu zen, giltzapean zagon Artxapezpikuaren alde.

Egun hartan erran ziozkan Azpilkuetak Erregeari hitz aipagarri hauk: Eta hau diot nitaz: erre nezatela ez badute Erroma-n gizon hori xuritzen eta ez badute ohoratzen nihor sekulan ohoratua izan den baino geiago.

Ez dio Erregeak sekulan barkatuko gizon zuzenen beldurgabeko ausartzia hori.

Bertzaldi batez, joanen da, aintzinetik baimenik batere galdetu gabe, Aita Sainduaren ordainaren ganat: Hugo Buoncompagni, geroko Gregorio hamahiru-garrena.